HELENA
AMONDARAIN / TRUKE antzerki produkzio eta banaketa-etxea
Bat nator BAD inguru hauetan erreferentzi jaialdia izatera
heldu dela dioen iritziarekin. Nire ikuspuntutik, BADek
arte eszenikoen arlo ezberdinetako sormen-lana esploratzeko
xedea du. Erakusleihoa da eta horretan bai bertoko,
bai beste autonomia-erkidegoetako, bai beste herrialdeetako
produkzioek aukera dute jendaurrean agertzeko. Gainera,
nik esango nuke ikusleak sentsibilizatu nahi dituen
jaialdia dela, kontuez beste begirada edo ikusmolde
batzuetatik ohartzeko, hain zuzen. Ikuskizunen eskaintza
zabala da eta horrela abangoardiak, teknologia, lengoaia
berriak, konpromisoa, salaketa soziala, zentzugabekoa
zein kultur aniztasuna ditugu ikusgai. Labur esanda,
ausardia. Aurten ere BADera joango naiz. Ziur ez nauela
epel uzten.
NANDO PIÑEIRO FERNÁNDEZ
/ Programatzailea
BADez berba egitea egungo proposamenez hitz egitea
da.
BADez berba egitea modalitate arteko arteaz hitz egitea
da.
BADez berba egitea ausardiaz eta arriskuaz hitz egitea
da.
Urtez urte, beti entzun edo ikusi ditut antolatzaileak
termino eta asmo horiekin eta urtero ikusten ditut
lan interesgarriak. Urtero gozatzen dut estetika eta
lengoaia berriekin. Izan ere, hau proiektu ireki eta
gaurkotasun handikoa da.
BADen espazioak eta asmoak atsegin ditut eta, batez
ere, ikusleak.
BADeko talde guztiari eta euren proposamenekin parte
hartzen duten guztiei eskertu nahi dizkiet egiten
duten lana, ahaleginak eta presentzia. Aurten, unetxo
batez bada ere, zuekin izango naiz. Ikuslego berriak
sortzea, oraingo sortzaileentzako aukerak, topalekuak
sortzen dituen eta pilak kargatzen dizkigun jaialdia;
horrek guztiak merezi du buru-belarri programazioan
sartu eta Bilbon egun batzuk ematea.
Plazera da.
LUISJA UGARTE / Zornotza Aretoaren
programazio-arduraduna.
BAD antzerkia eta dantza gogoko ditugun askorentzat,
Fundacion aretoarekin batera, Bilbon joera eszeniko
berritzaileenak eta interesgarrienak zertan diren
jakiteko dugun aukera bakarra da, baita, sortze-lana
eta produkzio eszenikoa zailak izanda, gehienen erabilerak
edo kontsumoak zedarritutako mugapearen bazterretan
edo kanpoan dauden eta horretan lanean ari direnek
duten erakusketa-plataforma bakarra ere.
Horrela, programazio egonkor, anitz eta egungoak
jasota eduki beharko lukeena, gurean, ordea, aparta,
laburra eta mugatua da; izan ere, gure urian ez dago
honelako programazioa jaso dezan espazio publikorik
eta problema hori aspaldian konponduta eduki beharko
genuke.
Bien bitartean
!!Osasuna eta bizi luzea BADi!!