| 1999.
Bilbao Antzerkia Dantza-ren lehen edizioa: 1.000 ikusle.
2005. BADen zazpigarren edizioa: 8.000 lagun baino gehiago
dantzaz eta antzerkiaz beren formarik garaikide, diziplinarteko
eta arriskatuenetan gozatzeko. Jende-marka oso bat,
gauza bat besterik adierazi ezin duena: bete-betean
asmatu duela, alegia, artea inoiz ez bezala ikusi eta
sentitu nahi duten ikusleei zuzendutako programazioak.
2005eko urtea urrats bat gehiago izan zen Bilboko kultura-eskaintzarik
berriena sendotze-bidean. Teatre Romea, Animalario,
Gelabert Azzopardi, Micomicón eta beste hainbat
eta hainbat antzerki-talde eta proposamen, guztira 25
ikuskizun desberdineko multzoarekin, izan ziren BADen
azken edizioa osatu zutenak. Orotara 45 ekitaldi eman
ziren jaialdiari urteetan zehar elkartu zaizkion sei
egoitzetan. Eta iritsi da aldaketa egiteko ordua.
Aldatu ez dena, ordea, Bilbao Antzerkia Dantza-ren bokazioa
izan da, hots, adierazpen garaikidearen agertoki bihurtzekoa.
Eta helburu hori edizio bakoitzean bete da. Iaz, esate
baterako, programazioaren % 95 baino gehiago bizi diren
egile garaikideei eskaini zitzaien.
Bestalde, munduko alderdi guztietako taldeen topalekua
ere bada BAD. Bere 7. edizioan nazioarteko bost taldek
parte hartu zuten. Eta beste bost Espainiako Estatutik
etorri ziren. Hori guztia ahaztu gabe, noski, antzerki
eta dantza garaikideen jaialdiak dituen beste hainbat
balio ere, hala nola Euskal Herriko taldeei eta, batez
ere, gure hirian egunez egun dihardutenei laguntzekoa.
Horri esker, Bilboko agertokietatik 2005ean pasatutako
taldeen erdiak Euskal Herrikoak izan ziren.
Geure buruak zoriontzeko moduko zenbakiak horiek guztiak.
Baina ahaztu gabe, betiere, urtez urte landu behar direla.
Eta 2006ko honetan, urriaren 27tik azaroaren 5era artean,
zortzigarren edizioa.
|