BAD, ESZENAREN AZKEN ORDUKOA BILBON
Lehenengo hamarkada betetzeko zorian delarik, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza
Garaikidearen Jaialdia erabat errotuta dago Uriko kultur programazioan, eta
urria eta azaroa bitarteko kultur gertaera nagusia bilakatu da. Hamar egunetan,
antzerki-emanaldiak eta performanceak dantza eta bideo-instalazioekin, tailerrekin
eta topaketa profesionalekin uztartuta antolatuko dira programa trinko honetan.
Azken batean, berrikuntza Arte Eszenikoei dagozkien adierazpide guztietan.
Gure ikusentzulego objektiboa jende-multzo jakin bat da, Arte Eszenikoen
munduarekin nolabaiteko zerikusia duena, eta honekin batera, esperientzia
artistiko berrietara zabalik dagoen gazte jende-multzo bat, ikuskizun bati
dagozkion ohiko molde eta klitxeak apurtzeko beldur izpirik ez duena. Ildo
honetan nabarmendu behar da aurreko edizioan aforoaren %65 bete zela, eta
honek zalantzarik gabeko arrakasta islatzen duela.
Aurtengo berrikuntza “Pre BAD” izenaz bataiatu dugun atal berria da, antzerkiari eskainitako aste oso bat, jaialdia hasi aurretik “motorrak berotzen” lagunduko diguna. Atariko honen bitartez, ondo merezitako omenaldia eskainiko diogu urriaren 20tik 26ra bitartean, Mesedetako Eskola zaharrean, gaur egungo euskal antzerkian ezinbesteko erreferentzia bilakatu den FTI-Fábrica de Teatro Imaginario taldeari.
Horrekin batera nabarmendu behar da aurreko edizioan sartutako beste berrikuntza bat, dexenteko arrakasta handia lortu zuena: “Itineris Apur Bad”, publikoa ohiz kanpoko eszenatokietara eramaten duen ibilbidea, bertako antzezle hasi berrien eskutik formatu txikiko lanez gozatzeko aukera izan dezan. Oraingo edizio honetan, antzerki-eskaintza ibiltari eta bitxi honetara inguratzen direnak eraikin berezietan egindako emanaldiez gozatu ahal izango dira, Erronda kaleko etxebizitza partikular batetik hasi eta Artelan Berreginen Museoraino, Garcia Rivero Eskola, Atxuriko tren-geltokia edota Eliz-Museoa ere bisitatuz.
Kontrako muturrean, Arriaga Antzokiarem kategoriako eszenatoki “konbentzionalagoan”, hiru antzezlanen Euskadiko estreinaldia egingo da: Peter Weiss-ek 60ko hamarkadan idatzi eta Animalario konpainiak Centro Dramatico Nacional-ekin batera eta Alfonso Sastreren moldaketen arabera berregokitu duen “Marat/Sade” klasikoaren itzulera; “Me acordaré de todos vosotros”, antzerkia, dantza, zuzeneko musika eta kontaketaren senari aurre egiten dioten testuak uztartzen dituen Teatro de la Abadia taldearen lana; eta Mario Gasek zuzendu duen “Home Body / Kabul”, talibanen barrabaskeriak ez ezik Estatu Batuetako eta Sobietar Batasuneko gehiegikeriak eta armen salerosketa salatzen dituen Teatro Español-en ekoizpena.
Bilborock Aretoa erreferentziazko beste konpainia baten azken lanaren erabateko estreinaldiaren eszenatoki bihurtuko da: Gaitzerdi taldearen “Tempus” antzezlana. Mesedetako Eskolan, dantza, performanceak eta antzerki fisikoa eskainiko dira. Bilbaoeszena Arte Eszenikoen Udal Zentroan, bestalde, BADen “Work in Progress” sail klasikoa egingo da, oraingo honetan euskal-brasildar talde batek antolatuko duen “Dextranjis” izeneko diziplina-arteko egoitza-laborategiaren bitartez. La Fundicion-en Deustuko egoitzan, ohi bezala, dantza ikuskizunak izango dira nagusi, eta aurtengo Jaialdiak estreinatuko duen Atxuriko Eskolako egoitza berrian bideo-instalazio bat programatu da, baita performance-happening bat ere San Frantziskoko Udaltegian. Programa osatzeko, Kale-Arteetako Profesionalen VI. Topaketak, antzezlanak sortu eta taularatzeko ikastaroa eta Jaialdian parte hartuko duten zenbait artistarekiko hitzaldi eta solasaldiak egingo dira.
Laburbilduz, berrogeita hamar bat jarduera eta ekitaldi antolatu ditugu,
eta horietan guztietan, Euskadiko antzerkiari nahitaezko sostengua emateaz
gain, beste leku batzuetako ikuskizun aukeratuak ere tartekatu ditugu, den-dena
antzerki eta dantza garaikidearen baitan, zeren, alor honetan ere, Bilbok
sortzaile eta zaleen behin-betiko erreferentziatzat errotu nahi baitu BAD
Jaialdia lehendabiziko 10 urteak bete hurran delarik.
·························································································································································
Ibone Bengoetxea
Kultura eta Hezkuntza Saileko Zinegotzia
Bilboko Udala
Yohn Jauregia · Kultur programazioa · Pelota kalea, 10 · 48005 Bilbao · Tel.: 94 416 31 88/99 · Faxa: 94 415 14 22